ESKERTZA MIKEL BARREIRO
Bob Marleyren liburuan azaltzen diren irudi guztiak Mikel Berreiro marrazkilariak egin zituen. Liburu batean, testua, bertan idatzitakoa dela garrantzitsuena pentsatu daiteke baina, kasu honetan, idatzitako horren ezinbesteko osagarri dira irudiak. Irudiek, testuan idatzitakoa hobeto ulertzen lagundu dezakete, eta horretaz gain, liburua irakurgarriagoa egiten dute, irakurtzen errazagoa, politagoa egiteaz gain, noski. Liburuari pertsonalitatea ematen laguntzen diote eta liburu bat oroitzeko garaian, liburu horren azala, estetika eta irudiak datozkigu burura lehenik eta behin.
Liburuan idatzitakoa oinarri hartuta marrazki desberdinak egin zituen Mikelek. Liburuan jorratzen diren ardatz nagusiak irudi bilakatu zituen; hala nola, Bob Marleyren irudia bera, jamaikarren historia, esklabutza garaiak, erlijioa, marihuana, Haile Selassie, sound systemak edo ghettoak maraztuz, besteak beste.

Jamaika zein munduko edozein txokotako ghettoa. Marrazki egilea: Mikel Barreiro.
Ez ditugu marrazkilari asko ezagutzen baina Mikel Barreiro Euskal Herrian daukagun marrazkilari onenetakoa dela esango nuke, zalantzarik gabe. Irudi bat paperean gauzatzeko duen trebeziak txunditzen nau beti, irudi bat txuri beltzean modu zehatz eta eder horretan jartzeko gaitasuna.
Esker bereziak eman nahi dizkiot Mikel Barreirori, urte guzti hauetan aurrera atera ditugun egitasmoak irudi bihurtu dituelako. Berarenak dira webean aurkituko dituzuen marrazki gehienak (guztiak ez esateagatik) eta oso eskertuta gaude horregatik. Artixta bikaina izateaz gain pertsona ederra da Mikel, sentibera eta militantea. Gurea bezalako gizarte basatian, sufritzera kondenatuta dagoen pertsona horietakoa, zoritxarrez.
Marrazkilari bikaina izateaz gain, abeslaria ere bada Mikel. Sound system irrati saioaren sintonian berak jarri zituen ahotsak, eta Selektah Sound Systemaren festa askotan izan genuen bide lagun. Soinu ekipoa muntatu eta desmontatzeko garaian ere, ez zen eskakeatzen zen horietakoa. Beti laguntzeko prest.
Saioaren sintonia eta irrati saioak entzuteko: HEMEN
Mila esker guztiagatik Mikel.


